XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Seiak eta hogeitabost ikusten du bere erlojuan korrikari utzi gabe farol baten azpitik iragaitean.

Oraintxe juxtu bete da lehen ordulaurdena.

Bapatean gelditu gabe, jauzi txikiak urrats arrunt bilakatzen dira.

Orain dator egiaren unea: oraino hamar-hamabost pausu hurrengo faroleraino, arnasa sakon hartuz, bihotza bere onera ahalik eta lehen etor dadin desiatuz; gelditu; eskuineko eskua lepora eraman, hatz bat zainaren bila (sistole eta diastoleen kontrazioek engaina zaitzakete eta hobe lepoan bularrean bertan baino), anartean ezkerra begietara hurbildu, erlojuari so eta segunduen harian taupadak kontatzen hasi: bat, bi, hiru...... bihotza eroturik, pausatuago behar luke.

... segunduak agortzear, are bizkortu egin zaiola nabaritu uste du... Berrogeitabi! Berrogeitabi pulsazio, errepikatzen du bere baitan, ia une berean minutu batean zenbat egiten duten agerzen zaiolarik.

Eta ebidentzia honek, begi bistan ikusten duenak, punturaino gorde duen itxaropena ustel gertatu dela darakuskio. Akabo ametsok! Lehen saio honetan inoiz baino polikiago joan eta hala ere muga egokietatik at dago, ia irrigarri zerion abiada geldoa ere gehiegi zaio.

Gogora datorkio inongo planing-ik gabe antxintxika egin ohi zueneko aldia: orduan are azkarrago ibili ohi zen, nekeari uko egiteke, gorputza sufrimenduari inposatzen zitzaion arte, hala behar zuelakoan.

Beti ihardun izan du horrela.

Bazirudien ezein nekaldiren aurrean norbaiten erronkari eutsi nahi ziola, proba propio horretarakoxe eskaintzen zitzaiola, bere indarrak neurtzeko.

Unean unekoa zitzaion gauzarik garrantzitsuena, garaile irten beharra aldi bakoitzean.

Eta ez du ulertzen.

Ezin du ulertu orain arte eraman izan duen jokabidea oker zegokeenik, nekeari aurpegi emateko ausartzia bulartsu hark balio ez duenik.

Baina orain agertzen zaionez, hemendik hara ez duke hala jarraitzerik.

Odol sutsu hark, su hark bere gorrian, ez duke jadanik irtenbiderik.

Dagoeneko bere onenak emana delako egiztapena (horra hor, ez da besterik) jasangaitz zaio, eraikitako arkitektura guztia gainbeheran datorkiolako bere soilean hain hotz, hain anker ageri zaion datu sinple horren, zenbaki itsu horren poderioz.

Baina aurrera egin beharrak bultzatzen du itxaropen izpiren bat bilatzera.

Baliteke ondorengo ordulaurdenetan gauzak hobetzea, proitu uste du Manuk halako zerbait esan ziola, lehen ordulaurdenean halakorik gertatu ohi dela - horixe esan zuen, zihur dago.

Agian gauzak aldatu egingo dira, ekinaren ekinez lor lezake, ausaz, hatsaren gainean jartzea, bai, eta bigarren lasterraldiari ekitera prestatzen da, berrabiatzera.

Erlojuari begiratzean seiak eta hogeitazazpi markatzen dituela hatzematen du.

Oraingo honetan are lasaiago joango da, enplegatu beharreko indarrak hobeki neurtuko ditu, dosifikazioa bere azken gradora eramango, besoak hilik, muturrean eskuak aireari forma ematen ariko balira bezala, edo eta melodia banal baten konpasean kulunkatzen.

Oinak ia lurretik altxa gabe, saltoka ez baina ia tarraska, pausuan bertan ahal den indarrik gutxiena eginez.